XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hiltzailea

Adina: 8-14

Iraupena: 10'

Partaide kopurua: Nahi adina

Taldeka ala bakarka: Denak batera

Monitoreak: Partaide

Hizkuntza lanketa: Luze-zabalekoa (ulermena)

Materiala: Kutxa, papera, arkatzak eta beldurrezko musika.

Azalpena: Jokalariak adina papertxo prestatzen dira; denak zuri utzi, bi izan ezik.

Hauetariko batean hiltzailea idazten da eta bestean detektibea.

Ondoren, papertxo guztiak tolestu eta kutxa batean sartu.

Gela argi gutxirekin utzi eta, ahal izanez gero, beldurrezko musika jarri.

Une horretan, jokalari bakoitzak papertxo bana hartu eta zer jartzen duen ikusi inori erakutsi gabe.

Detektibearena egin behar duena kanpora aterako da eta gela guztiz edo ahalik eta gehien ilundu ondoren, hiltzaileak, bere tokitik jaiki (denak borobilean eserita egon behar baitzuten), beste bati lepotik heldu eta urkatzeko keinua egingo du.

Hildakoak oihu handi bat botako du.

Gelan daudenak hiltzailea nor den ikusten edo nabaritzen saiatuko dira, ondoren hiltzailea berriz bere tokian eseriko da eta detektibeari deituko diote.

Honek gelan sartu eta bertako hiru pertsonari galdera bana egiteko aukera du.

Erantzuna bai edo ez bakarrik izan daiteke.

Ondoren hiltzailea nor izan den asmatu beharko du.

Aldaera: Galdera kopurua jokalarien adinaren arabera alda daiteke.

Dagokion galdera kopuruarekin hiltzailea zein den asmatzen ez badu, berriz kanpora bidali eta errepikatu daiteke.

Jolas hau hiru edo lau aldiz egiteko egokia da.

Oharra: Haurrak txikiak direnean askotan ez dakite disimulatzen edo galdera egokiak asmatzen; honetan lagundu eta agian piska bat bideratu ditzakegu.

Giro egokia mantentzeko isiltasuna garrantzitsua da.

Gela ilundu eta gero, inor hil aurretik piska bat itxarotea ere egokia izan daiteke, begiak iluntasunera molda daitezen eta zerbait ikusteko aukera izan dezaten.